2018(e)ko maiatzaren 22(a), asteartea

Sortzen Jaia 2018ko ekitaldiko irakurketa

Egun on hezkuntza komunitateko kideak, eragile politikoetako ordezkariak, sindikalak, sozialak, euskalgintzakoak! Egun on!

Ikasturte osoa eman dugu “Egun on” adierazpena banderatzat hartuta. Eta gainera, pasa den ikasturtean Sortzenen itsasontzira igo zen Ikaskilori laguna batu zaio: Euskarakilo. Auzo Bizi Onaren Eskola amesten du Ikaskilok; horretarako Hezkuntza Burujabetza du tresna. Euskarakilok Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortuko dituen eskolarekin egiten du amets. Euskarazko murgiltze eredua da gurea, D eredua. Baina hezkuntza bera bezala, etengabeko egokitzapenean egon behar duen eredua izan behar du. Zentzu honetan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, erronka berrien aurrean gaude, txikitik handira, gure Hezkuntza Sistema Burujabea gertuago izateko eta marrazteko aukerekin. Hemen, argi dago, hizkuntzarena, marra gorria dela, Hezkuntza Sistemak bermatu behar duen gaitasuna, alegia: ikasle euskaldun eleanitzak.

Euskara, hizkuntza, guretzat haizea da, ezin da ebaki, ezin zaio harresirik jarri. Baina errealitatea askoz gordinagoa da. Ofizialtasunak ez digu asetzen; eta Vascuencearen Legearen 30 urte hauetan, pitzadura sozial bat besterik ez du lortu. Hor kokatzen dugu Euskal Eskola Publiko Berriaren marra gorria, mugen gainetik, zonifikazioen gainetik, elkarbizitzaren alde. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan oinarri gisa, gehiago ezin duen itxaron aldaketa da hau. Orain dago pilota Parlamentuko teilatuan. Ez dezagun gal aukera!

Hizkuntzaren mugak aipatuz, Kataluniaren murgiltze ereduko ispiluan begiratu izan gara askotan. Elkarbizitza ereduaren erreferente argia. Eta nola ez, nabariago sentitu dute katea bidea egiten hasi direnean. Eta kateak jendarte burujabe baten oinarrietako bat ito nahi izan du: Kataluniako Hezkuntza Sistemak duen altxorretako bat, bere murgiltzen eredua, alegia. Horregatik, Sortzen Elkartetik, ozen oihukatu nahi dugu: No deixarem mais d'enseyar la llengua!

Bultza dezagun ba, Hezkuntza Burujabetzaren bidean, gure seme-alabentzat hezkuntza sistema onenaren alde, belaunaldi berriak heziko dituen eskola eraldatzailearen alde, Auzo Bizi Onaren Eskolaren alde. Eskoletan antolatu, elkartu, hausnartu eta eragin. Egun ona pasa ezazue!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina